2009-11-04

NOTEN IPUINA

Behin batean TITI mamarroak Laurgaingo basoan metalofono bat asmatu zuen. Probatu egin zuen. Hotsak sortu zituen eta atsegina egin zitzaion. DING lehen hotsa sortu zen, eta -SOL nota da. -Esan zuen.
Eta TITI mamarroak SOL nota berria pentagramara eraman zuen:
-Soinuek pentagraman bizi behar dute eta pentagraman utziko zaitut.
-Bai, baina, TITI, zenbat marra eta zenbat tarte... Galdu egingo naiz!
-Goian bizi nahi duzu? Galdetu zion TITI mamarroak.
-Bai, baina, oso goian ez, igotzen eta jaisten nekatu egingo naiz eta.
-SOL nota, nik aukeratuko dizut pentagraman bizitzeko komeni zaizun txokoa. Bigarren marra izango da. esan zuen TITI mamarroak.
TITI mamarroa basora joan zen metalofonoarekin jolastera eta ikurrin bat marraztu zuen eta gero, pentagramaren sarreran jarri zuen bigarren marra zaintzen.
-Zu SOL notaren ikurra izango zara. Zuk zainduko duzu pentagrama eta bere nota guztiak.
Eta halaxe, TITI mamarroak Laurgaingo basoan jarraitu zuen, metalofonoarekin jolasten eta nota berriak asmatzen.
DING! Metalofonoa kolpatu zuen TITI mamarroak eta...
-Kaixo TITI. LA nota naiz, eta nota berria korrika eta saltoka SOL notaren bila abiatu zen.
Pentagramara heldu eta ezer galdetu gabe, jauzi batez bigarren tartera heldu zen.
Oraindik, petagraman txoko asko gelditzen ziren eta TITI mamarroak berean jarraitu zuen: Metalofonoa hartu eta hots berriak sortzen.
DING! eta nota berri bat entzun zen. Nota berri hori MI da.
-Nahiago dut lehen marran bizi. Libre dago eta ez dut gehiago pentsatu nahi.
SOL, LA eta MI oso pozik elkartu ziren, bakoitza bere leku propioan.
TITI mamarroak beste bi soinu sortu zituen. DO eta RE. Eta bai soinu politak!
Baina, pentagramako bidea utzi eta hondartzara joan ziren.
-Eta orain nola aurkituko dugu pentagramara eramango gaituen bidea? -Esan zuten DO eta RE bihurriak.
Orduan, SOL-en ikurra agertu zen hondartzan.
-Nik erakutsiko dizuet bidea. SOL-en ikurra naiz. Nik zaintzen dut pentagrama eta neronek zaintzen ditut SOL, MI eta LA notak. Zatozte nirekin.
DO gaiztoa eta RE bihurriak SOL-en ikurrari eskua eman eta pentagramara hurbildu ziren.
-Isilik ibili zaitezte! Nota guztiak lo daude eta.
Pentagramara sartzeko ate guztiak itxita zeuden. Berdin balkoiko leihoak.
-Salto batez igoko naiz -Esan zuen RE bihurriak
Baina, MI notak itxirik zuen gelako leihoa eta ez zion jaramorik egin.
RE zintzilik gelditu zen balkoipean zegoen enara baten habitxoan. Eta hor daukagu pentagramako lehen marratik zintzilikaturik.
DO gaiztoak, raup! Salto ikaragarri bat egin zuen, baina gorakadan leiho, balkoi eta zirrikitu guztiak itxita aurkitu zituen eta KANGA! buruzbehera lurrera erosi zen.
DO bihurriaren negarrak entzun eta berehala hurbildu zen SOL-en ikurra, eskuetan sendagilearen maleta zuela. Merkrominaz igurtzi zuen, buruko kolpea tirita erraldoi batez estali zion.
-Mile esker SOL-en ikurra! Hemendik aurrera, ni, badaezpadan, atarian biziko naiz.
Nahikoa da -Esan zuen TITI mamarroak. -Luzaroan ez dut nota berririk sortuko. SOL, LA, MI, RE, DO dira lehen soinuak eta oraingoz lasai bizi daitezela SOL-en ikurrak zaintzen duen pentagraman.

No hay comentarios: